2013(e)ko abuztuaren 11(a), igandea

OROEL-era XVI. igoera ( 2013-ko Abuztuak 11 )

Ibaiek proposatu zigun Josu eta neri Oroel-erako igoeran parte hartzea. Jacako Club Atletismo Jaca-k antolatzen du. Igoera honetan bi modalitate izaten dira: korrikalariena eta oinezkoena. Ibaiek korrikalarien kategorian hartu zuen parte eta Josuk eta nik oinezkoenean.

Ibilbidea Jacatik hasi eta Oroel-go gurutzeraino zen. 10km-ko distantzian 1000m-ko igoera. Igoera potentea kontuan izanda lehen 5km-etan ez dela aldapa askorik. Oroel-go paradoretik gorako zatia da desnibelik gehien duen eta gogorrena.

Oroel Jaca-ko ciudadelatik.

Abuztuaren 11ean ongi gosaldu ondoren, Jaca aldera joan ginen. Josuk eta nik 8:30-tan genuen irteera eta Ibaiek gu baino 45 minutu beranduago. 

Argi xamar utzi zidan Josuk sasoian dagoela. Irteeran irten orduko bistatik galdu nuen eta ez nuen tontorrera bitartean ikusi. Benetan harrituta utzi ninduen egin zuen denbora ikusi eta gero 1:46:00. Denbora oso ona benetan!!! 12garren postua!!!

Nik berriz lasaiago hartu nuen eta 2:07:00 egin nuen, agian gehiago eman nezakeen baina ez askozaz gehiago. Nere garai onenak pasa dituk!!!

Ibai gu baino 45 minutu beranduago irten zen bere lagun Pedrorekin batera. Korrika egiteko igoera gogorra benetan. Igoera gogorra egin zitzaion eta helmugara nahiko jota heldu zen. Eginiko denbora 1:44:00, Hurrengo urtean zihur hobetzen duela!!!Meritu latza motel!!

Probaren amaieran, Oroelgo paradorean zozketa izan zen. Josuri San Juan de la Peña-rako bi sarrera vib tokatu zitzaizkion eta neri berriz Villanuako kobetarako bi sarrera.

Goiz pasa ederra egin genuen!!!

Hirurok irteeran.

Josu eta ni, oinezkoen irteeran prest!!!

Ibilbidearen lehen zatian, Oroel-era bidean.

Ibai tontorreko helmugan. Aupa motel!!!



Oroel-go gurutzean Ibai, Pedro, Josu eta ni.

Oroel-go gurutzetik ikuspegi itzela!!!

Jaca eta Pirineoak aurrez aurre.

Josu tontorrean, oinezkoen artean 12. izan zen. Bejon daikela motel!!!


DATU TEKNIKOAK:

-DISTANTZIA: 10km.
-DESNIBELA: 1000m igoera.
-ANTOLATZAILEA: Club Atletismo Jaca.
-MODALIDADEAK: Korrika eta oinez ( oinezkoek debekatua dute korrika egitea ).
-IBILBIDEAREN TRACK-a:       Oroelera igoera Jacatik


Ibilbidearen mapa.

Igoeraren perfila.

Eginiko igoera Iparraldetik begiratuta.

2013(e)ko uztailaren 28(a), igandea

HONDARRIBIA-IRUN-HENDAIA-HONDARRIBIA bizikletaz familian ( 2013-ko Uztailak 25 )


Lau egunetako zubiaren hasiera eta eguraldi ona aprobetxatuz, Hondarribira egunpasara joatea erabaki genuen. Nora aldizkarian ikusia nuen Hondarribia,Irun eta Hendaian barrena egin zitekeen bizikleta ibilaldia. Ez genekien zenbateraino egin genezakeen baina mugarik jarri gabe lasai irten gara. Egun guztia dugu aurretik.

Barra puntan.
Furgoneta Hondarribia sarreran dagoen doako parkinean aparkatu dugu. Gure bartulo guztiak prestatu eta martxan hasi gara hondartza aldera bidegorritik.
pare bat kilometro egin orduko Maddi esnatu zaigu eta protestan hasi. Umeen jolas parkean egin dugu geldialdia Maddi prest egon den arte.
Maddi prest zenean Hondartza aldera barra puntarino joan etorria egin dugu. Bidean bizikletak alokatu daitezkeen txabolatxo bat ere aurkitu dugu.
Bazkaltzeko orduan Hondarribiako arrantzale etxeen kalera joan gara. Nonbait festak ziren eta giro ederra aurkitu dugu. Etxetik prestatuak eraman ditugun xolomoak ederki sartu dira eta ondoren helatu eder bana jan dugun. Ederki sartu da!!!

Hondartza aldean, bizikletan alokatu daitezkeen txabolatxo polit hau aurkitu genuen.

Oraindik arratsaldea aurretik genuen eta Hondarribiako harresia eta alde zaharrean barrena egin dugu bueltatxoa. Toki politak daude benetan. 
Maddik lo jarraitzen zuen eta Irun aldera joatea erabaki dugu. Hondarribiatik Irun sarrera arterako bidearekin beldur ginen, errepidetik bide ugari egin beharko ote genuen. Baina uste baina hobeto aurkitu genuen bidea. Hondarribiatik Irunera hartzeko guruzbideraino errepide albotik doan bidegorritik egin dugu. Gurutzbidetik irunerako bidea espaloitik.

Hondarribiako etxeak.

Irungo kaleetan barrena, erreka baten ondoraino iritsi ginen. Erreka honen albotik doan bidegorria jarraituz Ficobaraino iritsi gara.
Ficobatik tren geltoki aldera hartu dugu Hendaiako bidegorria hartzeko asmoz. Gure harridura izugarria izan zen bidegorrirako sarrera itxia aurkitu genuenean. Ez zuen zentzurik!!!Zertarako egiten duzu bidegorri bat gero bertarako sarrera itxi behar baduzu? Azkenean bidegorriaren gaikaldetik egin genuen bidea.

Hondarribia festa giroan zen.

Pittin bat aurrerago bidegorrirako sarrera aurkitu dugu eta bertako jolasparkean egin dugu egonaldia.
Egonaldia egineta gero bidegorritik jarraitu dugu kirol portu aldera. Bertan zegoen jada Hondarribira zeraman itxasontzia. Itxasontzia hartu eta Hondarribira itzuli gara.
Behin Hondarribian Cris eta Maddi enbarkaderoan gelditu dira lasai ni furgonetarekin beraien bila etortzeko zai.
30km egiteko 8 ordu inguru pasa genituen. 5 ordu geldirik pasa genituen eta beste 3 bat ordu martxan. Hori izan zen Maddik jarri zigun erritmoa. Egun guztia genuen ibilbidea egiteko. ondo joan zen eguna eta ederki pasa genuen.

Hondarribiako harresiaren inguruetan geldialdia.



Hondarribia Hedaiatik ikusia.

DATU TEKNIKOAK:

-Distantzia: 30km.
-Desnibela: Ia dena laua da.
-Furgonetan joan gara eta aparkatu dugun parkina doakoa da. Hondarribiako lehen errotondan ezkerrera hartu eta bereala dago.
-Hendaiatik Hondarribira etortzeko barkua hartu dugu. Ordu erdiro irteten da bai Hondarribia eta Hendaiatik. Pertsonako 1,70€ eta bizikletak 0,50€ bidaia.
-Hendaiako bidegorriaren sarrera itxirik aurkitzen da. Guztiz harrigarria.

-Ibilbidearen Track-a:    Hondarribia-Irun-Hendaia bizikletaz TRACK-a



Ibilbidearen mapa, interesgune batzukin.

Eginiko ibilbidearen mapa.

Beste mapa batean.

2013(e)ko uztailaren 19(a), ostirala

DONOSTIAKO BIDEGORRIETATIK FAMILIAN ( 2013ko Uztailak 18 )

Gure Maddik egin ditu jada 4 hilabete eta irrikitan geunden familian irteeratxo bat egiteko. Erosi berri dugun gurditxoa probatzeko asmoz Donostiara egin dugu irteera. Bertako bidegorri sare zabaletik egunpasako bueltatxo bat egiteko asmoz. Maddiren erritmora, ea nola joaten zitzaigun.


Cris eta Maddi, Donostiako tren geltokian.

Argi xamar geratu zaigu Euskotreneko tren geltokiak eta zerbitzuak ez daudela oso ongi egokituak bizikleta zaleentzat. Orioko tren geltokia ez behintza, ea nola demontre igo gaitezkeen ni, nere bizikleta eta Maddiren gurdia Orioko geltoki modernoa den zubi horretara. Gainera lehen beti egoten zen pertsonala ere falta da!!!
Eskerrak herriko pare bat gaztek lagundu gaituzten Maddiren gurdia ate mekanikoaren gainetik pasatzen.

Laburtuz:  
              -Geltokietako sarrera irteerak ez dira egokiak.
              -Pertsonala lehen baino urriagoa da: Lehen, Donostia eta Zarautz arteko geltokiro arduradunen  bat bazen. Gaur egun dirudienez Donostiakoan bi pertsona eta Zarautzkoa bat. Lotsagarria iruditzen zait.
              -Eta pertsonala urriagoa izan arren tren tiketak garestiagoak dira.

Hirurok Aizearen Orrazian, atzean Santa Clara irla eta Urgull.

Beldur ginen geltokitik irten eta ezer asko egin gabe etxera bueltatuko ote ginen. Baina primeran ibili gara. Gure Maddi gurdien oso lagun ez den arren, berehala lo geratu da eta eguraldi onaz eta aizeak gozatu izan  dugu.
Geltokian bidegorria hartu eta Kontxa alderako bidea hartu dugu. Behin Kontxan Ondarretako hondartza aldera egin dugu, Aizearen Orrazietaraino iritsik. Hemen pittin bat lasai egon gara, ezin izan dugu Aizearen Orrazien inguruaz guztiz gozatu obrak bait zeuden. Baina gure kamiseta pixtatxoekin argazki pare bat atera ditugu Maddi lo zegoen bitartean.

Portuko festak ziren. Giro ona topatu genuen.

Berriz etorri garen bidetik Udaletxe pareraino joan gara eta handik portura. Giro polita zegoen portuan, Karmengo jaiak bait ziren. Jolasean zebiltzan gazteei begira egon ondoren, igogailua hartu eta Aquarium gainera igo gara. Igogailu hau Orioko tren geltokikoa baina handixeagoa da eta gure bizikletak, gurdia, gu eta beste bi pertsona igo gara batera. Hau bai igogailua!!
Maddi oraindik lo zegoen eta Paseo Nuevoan zehar aurrera egin dugu Kurssaleraino. Hemen esnatu da Maddi eta bazkaltzeko aprobetxatu dugu.

Kurssal ondoan, Zurriolako zuhaitzen itzalean, bazkari ederra egin genuen. Pasta entsalada!!!

Ederkiasko sartu da pasta entsalada Zurriolako zuhaitzen itzalean. Dexente denbora egin dugu hemen itzaletan lasai. Maddiri siestarako ordua iritsi zaion arte. Maddik berriro lo hartu duenean Boulebarrera joan gara postre bezala helatu eder bat jatera.
Maddi esnatu baino lehen geltokirako bidea hartu dugu. Baina geltokirako gutxi falta zela esnatu eta kasketaldia harrapatu du. Berriz zuhaitzpean jarri eta Maddi lasaitu bitartean han egon gara lasai.
Garbi geneukan lasai hartu beharra dagoela eta Maddiren erritmora ibili behar genuela. Bera prest ikusi dugunean geltokira!!!
Berriro geltokian buruauste batzu izan ondoren, bueltan ginen 17:00ak alderako Orion. Goiz xamar etxera joateko eta paseotik barrena hondartzara joan gara. Errefresko eder bat eta bainu eder hartu ditugu.
Egun borobila benetan!!!!

DATU TEKNIKOAK:

-Distantzia: 14km
-Desnibela: Guztiz laua.
-Ibilbidea haurraren gurditxoarekin egin genuen. Ibilbidean batere arazorik izan ez bagenuen ere, bai Orio eta Donostiako geltokietan arazo dexente izan genituen. Baina pazientzia pittin batekin dena konpontzen da.
-Ibilbidean pasatzen diren zenbait toki: Kontxako hondartza, Ondarretako hondartza, Aizearen Orraziak, Udaletxe inguruak, Portua, Paseo Nuevo, Kurssal, Zurriola hondartza, Boulebarra, Urumea ibai ertza...

-IBILBIDEAREN TRACKa jarraian: DONOSTIAKO BIDEGORRIETATIK track-a

Hemen eginiko ibilbidea.

2013(e)ko maiatzaren 9(a), osteguna

IRUBELAKASKOA edo ALKATXURI Sumus bentatik ( 2013-ko Maiatzak 4 )

Martxoaren 13an jaio zen gure Maddi. Gure bizitzako segundu bakoitza betetzen duen neska txikia. Egia da bai mendira joateko denborarik ere ez dudala, baina hala ere nere bizitzako momentu ederrenak pasatzen ari naizelakoan nago. Tamainuz ez da haundia baina gure bizitza ederki betetzen du.Txora txora eginda gauzka!!

Nola ez, Maddi jaio ezkeroztik lehen mendi irteera zenez, Maddi eta Cris nere emazteari asko maite diedala adierazi nahi izan nien mendi eder honetatik.
 MAITE ZAITUZTET nere bi printzesak!!

Ezkerrean Irubelakasko eta eskuinean Itxusiko Harriak.

Astean zehar ikusi nuen astebururako eguraldi ona zegoela emanda. Beraz familiari baimena eskatu eta anaiarekin hitzegin nuen Irubelakaskoarako plana egiteko. Azkenean laukotea elkartu ginen Xabier, Urko, Mikel eta Ni.
Goizeko 7:30 etan gelditu ginen Orion eta Bidarrairako bidea hartu genuen.8:30-9:00 alderako Sumuseko bentaren gaikaldean dagoen parkinean geunden.

Xabier anaia eta Urko, atzekaldean Irubelakaskoa.

Hirukote ederra Sumuseko bentan.


Igoeraren lehen zatia egiten genuen bitartean inguruko mendiak oraindik laino artean ziren baina pixkanaka altxatzen joan ziren eta gure aurrean ikuspegi eder bat azaldu zen.
Susto ederren bat ere hartu genuen gainetik egan zebiltzan saiak zirela eta. Pare bat metrotara pasa zitzaigun bat bere egoekin soinu ederrak eginez.Tontorrerainoko bidea sorpresas betea izan zen, tontorrak ziruditen hiru bat kaxko pasa genituen eta kaxko bat pasatzen genuen bakoitzean arista berri bat aurkitzen genuen.

Igoerako lehen kaskoan.

Igoerako lehen zatian, atzekalde Itxusiko Harriak bere handitasunean.

Lainoa altxatzen zioan einean ikuspegiak hobeak ziren.


Kastillako kaskoaren azpikaldetik zeharkaldian.

Mikel kresterioaren lehen zatia pasa ondoren, basoan sartu aurretik.

Xabier basoan sartzera,goran ikusten dena ez da tontorra.
Igoera erdi aldean basotxo bat ere zeharkatu genuen. Hango berdetasuna eta goroldioak oparoak ziren benetan.Eta basoa zeharkatzean eta beheruntz begiratzean Irubelakaskoaren arista guztia ikus genezakeen.

Basoan goraka.


Basotik irtetean lehen egin dugun bidearen ikuspegi ederra.

Basotik irten eta tontorra baina lehen dagoenazken kaxkora bidean.

Ni,Xabier eta Urko.

Itxusiko harrietara ikuspegia.

Musean egiteko mahai ederra, hurrengoan kartekin etorri beharko dugu.

Kresterioaren azken luzean, hori bai hori bada tontorra.

Anaia eta ni ia goran.

Espedizioa osorik!!Xabier, Ni, Mikel eta Urko tontorrean.


Tontorrean beste taldetxo bat aurkitu genuen, beraiek atera ziguten argazkia. Ikuspegiez gozatuz eta giro ona aprobetxatuz hamaiketako ederra egin genuen. Ondoren Gorostiako lepo aldera hartu genuen hemendik jeisteko.
Gorostiako lepotik beheraino dagoen basoan haritz mardulaskoak ikusi daitezke. Bakarren baten buelta ez genuen hiru pertsonen artean ere hartzen.
Basoaren beheko aldera iristean pista aurkitu dugu eta hau jarraituaz berriz Sumuseko bentaraino iritsi gara.
Pistatik ibilaldia ere oso ederra izan da ezkerretara Itxusiko Harriekin eta eskuinetara Irubelakaskoa genituela. Pista erreka ondotik doa eta udan toki aproposak daude bainutxo bat emateko.

IBILALDI GUZTIZ GOMENDAGARRIA ANIMATU EGITERA!!!

Gora Ibilbideak!!!Irubelakaskoara iritsi da!!


Urko, Ni eta Mikel. Atzekaldean eginiko kresterio osoa.

Irubelakaskoaren ikuspegia Gorostiako lepotik.




Hau da hau haritz puska!!!Hiruen artean ezin buelta eman!!!

Pistatik Sumuseko bentara bueltan.Itxusiko Harriak aurrean eder.

Inguruko berdetasuna ederra benetan.


DATU TEKNIKOAK:

-Distantzia: 11km
-Desnibel akumulatua: 915m
-Denbora: 5 ordu 30min
-Hasiera: Sumus benta ( Bidarrai ).
-Bukaera: Sumus benta ( Bidarrai ).
-Track deskarga:       
                                         *IRUBELAKASKOA TRACK  Ibilbideak

                                         *IRUBELAKASKOA TRACK Wikiloc


Zihur aski Euskal Herriko mendi ederrenetako bat izan daiteke. Duen kresterioa egiteko erraza eta oso oso ederra da. Mendi honetatik ditugu ikuspegiak ere zoragarriak dira, Itxusiko haitzak eta Iparla oso gertu ditu. Guk igoera Sumuseko bentan hasi genuen. Bertara iristeko lehenengo Bidarraira iritsi. Bidarrairako sarreran dagoen zubia pasa eta eskuinera hartu. Ondoren bigarren zubitxo bat pasa genuen. Baserri eta etxetxo artetik joan gara errekaren eskuinaldetik hirugarren zubitxo batera iritsi arte.Zubia pasa eta lehen bi guruztbideetan ezkerreruntz goruntz hartu.Azkenean parkin txiki batera iritsiko zarete. Kotxea hemen utzi behar da eta Sumus bentara oinez jaitsi.

Sumus bentatik gailurrerako bidea zoragarria da. Kresterio singularra benetan.Igoera lasai hartu hasiera batean gailurra dela ematen duenak ez bait da izaten. Hiru bat kasko pasa behar dira.

Jaitsiera mendiaren mendebaldetik egin dugu.Lehenik Gorostiko leporaino jaisti gara, hemen basoan sartu eta iparraldera egin dugu. Basoan harrespillas eginiko borda bat eta haritz mardulak ikusi ditugu. Basoaren behekaldera iristean erreka zubi autsi batetik zeharkatu dugu et aondoren pista aurkitu dugu. Pista jarraituz Sumus bentara itzuli gara.

Ibilbide guztiz gomendagarria animatu egitera!!!



Ibilbidea mapa kartografikoan.

Ibilbidearen perfila.